TXAPA IRRATIAK 30 URTE: EKAINAK 6 FIACHRAS ETA CABEZAFUEGO & LOS BRUTALES

Txapa irratian 30 urteak ospatu dittugu aurtengo denboraldian. Ospakizunak ondo bukatzeko txapa jai berri bat antolatu dou, Ekainak 6an Bergarako gaztetxian gabeko 23:00etatik aurrera, Fiachras, Cabezafuego & los brutales eta ondoren Txapako irratsaioetako musika jartzaileak egongo dira.

Fiachras kontzertua

Gerora Fiachras taldea osatu duen jendilajea luzaroan giro makur eta txarrenetan ibilia da: gaztaroko bilisa botatzeko punk-rocka egiten hasi ziren hainbat taldetan; eta ia-ia ile kardatuarekin punteoak egiten hasi behar zirenean desagertu egin ziren. Bizitzaren hondamendia, azpiko muturra ikusi eta bizi ostean, nazkatuta, itsasontzi bat hartu eta samina aldean ahalik eta urrunen jo zuten bizitako guztia ahaztu nahian. Beste latitude batzuetako portuetan egin zituzten geldiuneak eta marinel tabernatan barruko samina edanarekin eta kantuarekin blaitu zuten. Hala hasi ziren barne-barnetik artifiziorik gabeko kantuak idazten: batzuk, amorraziokoak, rockeroak eta egiazkoak; eta beste batzuk, erabat malenkoniatsuak, sustraietakoak. Hori izan zen Fiachrasen estrainekoa.
Gerora, urruntasun, herrimin, itsasoko gaitz eta tabernetako gehiegikeriek bultzatuta, malenkoniatik, egitik eta lur bati lotuta egotetik gehien duen sentitzeko eran, folkean, sartu ziren buru-belarri ‘Hiltzera goaz’ lelo apokaliptikopean.
Orain, baina, nostalgiatik aldendu nahian eta orainaren lemari gogor helduta ausardia osoz itsasoratu dira berriro, zehatz finkatutako norabidearekin: kantu zuzenak idaztea, edonon eta edonola kantatu eta plazaratzeko modukoak, hausnarketatik bai, baina batez ere bat-batekotasunetik dutenak. “Amnesia eta argia” izeneko hirugarren lana iraganean bizi izandakoaz paso egiteko ahalegina da, eta kantuek berez izan behar duten txispa hori lortzearena; trikimailurik gabe, poserik gabe, biluztasun eta bat-batekoan.
Disko eta norabide berri baten aurrean bagaude ere, Haritz Artola abeslariak are eta gehiago borobildu ditu halako arrasto handia uzten duten ‘galtzaileon’ hitzak eta abesteko tonuan zein talde giroan abesten dutenean Fiachrasen marka dute kantuek; baita ere, jakina, barruraino sartzen diren lelo itsaskorretan. Baina oraingoan rockak zein gitarrek are eta presentzia gehiago dute eta grabazioaz arduratu den Freddy Pelaezen hammonda ere erabakiorra da zenbait kantutan: “Egiaren argia”, “El abrazo perfecto”, “Tu éxito y mi peste”, muga arteko “Jainkoekin”, “Infernuaren atariraino”… Horrez gain, “La ceguera” country borobila da; “Plazerraren hatzaparretan”-ek westernetik eta rock-and-roll garratzagotik ere badu; “Odolaren mintzoa” pausatuago eta sarkorragoa da; eta “Zuberotar baten aurrean” adar-jotzailean berezko rock-and-rolla, jostaria.
Iker Barandiaran.

Cabezafuego & los brutales:Iñigo Cabezafuego saltsa guztietan dabilen Iruñeako musikaria da. Jugos Lixiviados, Half Foot Outside… taldeetan aurretik ibilia bazen ere, Mermaid talde lisergikoarekin egin zen ezaguna Euskal Herriko rock eszenan. Gerora etorriko ziren Basque Country Pharaons, Royal Canal, Bizardunak, Atom Rhumba eta beste asko.

Duela bizpahiru urte kantu propioak sortzen eta bakarka aritzen hasi zen. Hala, musikari-lagun asko ondoan diskoa kaleratu berri du, -Camina Conmigo- izenekoa, eta orain hirukote formatuan aurkezten dihardu lana zuzeneko emanaldietan Cabezafuego y Los Brutales izenpean. Zer aurkituko dugun bere zuzenekoetan? Rocka, popa, folka, punka agian, eta ziur umorea barra-barra.

Guztia 97,2 Frekuentzia Mokoloaren bitartez entzun ahal izango da , edota www.txapairratia.org-ean   zuzeneko streaming bitartez.

Author: Txapa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude