30 urte. 262800 ordu. 15768000 minutu. Erraz zenbatzen dira, baina bada marka. 1984 hartan Bergaran komunikazioa beste era batean ulertzen zuen gazte talde bat bildu zenetik asko aldatu dira gauzak, asko aldatu gara gu geu ere. Baina nolabait hasi baginen, hori kalea hartzen, uhinak okupatzen izan zen. 30 urte hauetan kontakizun askoren ahotsa izan gara, orain gurea errepasatu eta ospatzeko garaia heldu da.
Urtemuga ganoraz ospatzeko, ikasturte osoan izango baditugu ere ekintzak, udazkenean fokalizatu ditugu gehienak. Hasteko asteburu honetan dugu zita: 30 ordutako maratoia egitera goaz, mozketako gabeko zuzeneko emisioa, ekintza, berezitasun, kontzertu, tertulia, ikuskizun eta sorpresaz betea. Irratsaio eta musikaz gozatzeko mahaiak, eserlekuak eta edariak izango ditugu. Urriaren 18an, larunbatean hasi, eta iganderarte uhin banpirikoek hartuko dute Bergara.
30 ordu
Larunbatean goizeko 10:00etan hasiko dugu maratoia, txupinazoak emango dio berba jasari hasiera. Jarraian Txapako irratsaioak, eta ekintza bereziak tartekatzen joango gara, 13:30ean Erreka garbiketaren inguruko irratsaioa seminariotik. 14:15ean Kopla barik bertso eskolakoek puntuak eta komak jarriko dizkigute. Arratsaldeko 17:00etan azken 30 urteen historia errepasatuko dugu irratiko klasikoekin. Arratserantz gerturatu ahala, Lekeitioko Deabru Beltzak ikuskizunaz disfrutatuko dugu, 19:00etan irtengo dira herriko plazatik, eta kaleetan barrena aritu ostean, seminarioko gunera iritsiko da traka. 20:00etan 2014/2015 ikasturtearen parrila aurkeztuko dugu, 20 irratsaiotik gora ekoiztera goaz aurtengoan, eta guztiak ezagutzeko aukera izango dugu. Jarraian Mikel Garate eta Ekait Aranberri bardoen musika Seminarioko gunean. Afalostean, 23:00etan, Urtzi Azkue & The Funk Junkers konjuntoarekin dantzatuko dugu. Gaubelak gaztetxean jarraituko du, Txapatik gertu dabiltzan sateliteen musika aukeraketarekin luzatuko dugu gaua, kalitate handiko disko jartzaileak izango ditugu.
Minutu batez ere gelditu gabe, maratoiak igandean ere jarraituko du. Goizeko 9etan Seminarioko karpara itzuliko dugu konexioa. 11:30ean umeentzat zuzeneko ipuin kontaketa izango dugu, jarraian Pilotalekuarekin konexioa egin, eta Udal Musika Bandaren kontzertua aireratuko dugu. Bandaren ostean Unai Azkaratek kontzertua eskainiko du 13:30ean. Asteburua, eta azken 30 urteen errepasoarekin amaituko dugu 14:30ean izango dugun saioa. Arratsaldeko 16:00etan agur jauna abestuko dugu.
Guztia 97,2 Frekuentzia Mokoloaren bitartez entzun ahal izango da, edota www.txapairratia.org-ean zuzeneko streaming bitartez.
30 orduko txapak azken 30 urteak sinbolizatu nahi ditu, ahots, estilo, eta helburu anitzez osaturiko proiektua izaten jarraitzen dugu. Beharrezkoa, manipulazio eta infoxifikazio garai hauetan, gure komunikazio propioa, gertukoa, librea, autogestinatua, asanblearioa eta zirikatzailea.
30 urte
Urteurreneko ospakizunek aurrera jarraituko dute urtean zehar. Azaroaren 1ean Fly Shit eta Estricalla taldeen kontzertua izango dugu kartzela zaharrean. Azaroaren 15ean urteurren eguna ospatuko dugu, txaranga berezi batekin jaia, bazkari herrikoia, eta The Potes-en kontzertua. Azaroaren 30ean Txapa jai berezi bat izango dugu, Aitor Escobar-en Flamenko emanaldia.
Ezin gara isildu, txapa ematen jarraitzeko intentzio eta asmo argiak ditugu. Gogoratu oraindik garaiz zabiltzala irratsaio bat egiteko. Babestu proiektua eta bertaratu gure ospakizunetara, entzun Txapa irratia! Sintoniza gaitzazu eta zurekin sintonizatuko gara. Uhin askeek dagoneneko ez dute atzerabueltarik. Gora Txapa irratia!
30 orduko maratoiaren egitaraua:
Urriak 18 larunbata
10:00 (Seminarioan)
Txupinazoa eta aurkezpena
11:00 (Seminarioan)
Ametsetako lurra
12:00 (Seminarioan)
Cabaret Voltaire
13:00 (Seminarioan)
Hau mundu bitxia
13:30 (Seminarioan)
Erreka garbiketa
14:15 (Seminarioan)
Kopla barik bertso eskola
15:00 (Seminarioan)
Gvero
16:00 (Seminarioan)
Eskuliburu ilustratua
17:00 (Seminarioan)
30 urteen historia kafe tertulia
18:30 (Seminarioan)
Txibierroak uluka
19:00 (Seminarioan)
Deabru beltzak ikuskizuna
20:00 (Seminarioan)
Denboraldiaren aurkezpen mundiala
21:00 (Seminarioan)
Mikel Garate eta Ekaitz Aranberri
22:00 (Seminarioan)
Haundikeittan
23:00 (Seminarioan)
Urtzi Azkue & The Funk Junkers
24:00 (Gaztetxean)
Disko jartzaileak kartzela zaharrean
Urriak 19 igandea
04:00 (Gaztetxean)
Haus of beats
05:00 (Gaztetxean)
Jar itzazu tapoiak
06:00 (Gaztetxean)
Errusiar txuria
07:00 (Gaztetxean)
Kolax
08:00 (Gaztetxean)
Berbenir
09:00 (Seminarioan)
Nola aldatzen diren gauzak
10:00 (Seminarioan)
Bergara sutan
10:45 (Seminarioan)
Paradisu zineman
11:30 (Seminarioan)
Ipuin kontaketa
12:30 (Seminarioan)
Txapa sinfonikoa
13:30 (Seminarioan)
Unai Azkarate
14:30 (Seminarioan)
Maratoi amaiera
16:00 (Seminarioan)
Agur jauna
Prentsa agerpenak: (Etengabeko eguneraketa)
Berria – Txapa irrati libreak 30 orduko maratoia egingo du
Entzun – TXAPA IRRATIA 30 urte uhinak astintzen
Topatu – 30 urte daramatza Bergarako Txapa irratiak uhinak astintzen
Sustatu – Larunbatean 30 orduko maratoia
Goiena – Txapa irratiak 30 orduko irrati maratoia egingo du irratiaren 30. urteurrena ospatzeko
Musikazuzenean – Mikel Garate + Ekaitz Aranberri + Urtzi Azkue & The Funk Junkers
El Diario Vasco – Txapa festeja su 30 aniversario
Zebrabidea (Arrosa) [AUDIOA] – Txapa irratiaren 30. urtemugaz Iñigo Herrerosekin
Suelta la olla (Hala bedi, Eguzki, 97 irratia) [AUDIOA] – Laister sarean
Jar itzazu tapoiak (Txapa) [AUDIOA] – Txapa 30 urte!
Bilbo hiria: IBAIZABAL: Bergarako Txapa Irratiaren 30. urteurrena
Twitter: #txapa30maratoia (Zuzeneko jarraipena egingo dugu asteburuan)